Sakontzeko, irakurri: Bertsolaritza
Nahiz eta lehenagoko aztarnak ere badiren, bertsolaritza XIX. mendetik aurrera garatu zen Euskal Herrian. Ez zen lurralde guztietan indar berarekin hedatu, ordea. Gipuzkoako eskualde batzuek eman zituzten bertsolaririk ezagunenak. XIX. mendeko gerra eta gatazka ugariek eskaini zuten bertsotarako gairik. Hori dela eta, frantsesen aurkako, karlisten garaiko eta Kubako gerrei buruzko bertso mordoskak iritsi zaizkigu: ahoz aho banaka batzuk, idatziz gehienak. Kanta paperen bidez zabaldutako bertsoak oso modan egon ziren, zenbait kasutan orduko gertaera eta albisteak jakinarazteko modurik herrikoienetako bat zelarik.Mende hartako bertsolari zaharrenen artean Xenpelar errenteriarra dugu ospetsuena. Haren bertso-sorta askok bizirik diraute euskal kantutegian: Betroiarenak, Pasaiako zezenarenak edo Ia guriak egin du, esaterako. Bapateko bertsolari moduan nabarmendu ez baziren ere, Jose Mari Iparragirre eta eta Bilintxen bertsoak ere aipagarriak dira. Lehenaren Ume eder bat eta Gernikako arbola edo bigarrenaren Bein batian Loiolan eta Loriak udan intza bezela, oso ezagunak dira. Azpimarratzekoak dira Iparraldeko koblakariak ere, hala nola Zuberoako Piarres Topet "Etxahun" barkoxtarra (Ürx'aphal bat badügü, Maria Solt eta Kastero...) eta Nafarroa Behereko Joanes Oxalde bidarraitarra (Lurreko ene bizia, Iruñeko ferietan...).